XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hitzaurrea

Haurrak ez dira jaiotzen hizketan dakitela, baina berehala hasten dira ikasten.

Bi urte egiten dituztenerako hasten dira lehen solasak egiten.

Bost urterekin, hizkuntzaren giltza nagusiak bereganatuak ditu jada umeak.

EUSKALDUNON EGUNKARIAk ere, bi urte bete zituenean kaleratu zuen Estilo Liburuaren lehen edizioa.

Lehen urratsa, lehen hitza.

Orain, Egunkariak bost urte betetzen dituen honetan, Estilo Liburua ere nagusi egin zaigu: aberatsago, osoago eta praktikoago duzue bigarren edizio hau.

Liburua gaurkotzeko izan dugun lehen arrazoia euskararen normalizazioak berak izan duen aurrerapena da.

Urte hauetan, Euskaltzaindiak arau eta gomendioak ematen lan handia egin du.

Besteak beste, hitanoa normalizatu du, Hiztegi Baturako bidea urrats sendoz hasi du, eta nazioarteko izendegia finkatu du.

Aurrerakuntza horien isla jaso du liburu honek.

Beste hainbat arlotan ere euskararen bateratasunaren aldeko ahalegin handiak egin dira.

Lehen itzultzaile edo kabinete bakoitzak bere kasa erabakitzen zuen tokian, bateratasunaren premia da orain giltzarria.

Horixe zen, hain zuzen, Estilo Liburua egiteko lehenbiziko arrazoia, molde eta zalantza ugarien artean eredu bateratu bat eskaini beharra euskarazko egunerokoaren irakurleei.

Nolanahi ere, Estilo Liburua hizkuntzalaritza liburua baino gehiago da.

Euskal Herri osoarentzat lan egiten duen komunikabide batek muga eta zatiketen gainetik idatzi behar du.

Hori argi izan arren, ez da erraza hori beti kontuan hartuz lan egitea.

Horregatik, ez dira huskeriak hemen hartutako erabakiak: Euskadi izenaren ondoan Euskal Herria hobestea, adibidez; edo Liburu honetako beste arau hau: Irainaren mugak kaleko hizkeran baino estuagoak dira egunkari batean.

Faxista, gezurtia, terrorista, ganorabakoa... Ez dira EGUNKARIAko kazetariek erabiltzen dituzten hitzak.

Bost urtetako jardunak zera erakutsi digu, gainera: horixe dela bidea.

Bateratasuna eta zuzentasuna behar direla, ez bakarrik hizkeran, baita jokabidean ere.

Eta bide horretatik jarraituko dugu, ikasten, bost urteko haurrak eskola luzea baitu aurretik.

Martxelo Otamendi

EGUNKARIAKO zuzendaria